2001. urtean Euskaltel-Euskadi taldea Frantziako Tourrean parte hartzera gonbidatua izan zen, 8 urte lehenago formakuntza hau sortu zenetik izandako ametsa betez. Luz Ardiden gailurrean Roberto Laisekak lortutako etapako garaipenarekin, lehendabiziko parte hartzea borobildu zuen taldeak. Bi urte geroago, 2003an, taldea hainbat txirrindulari indartsurekin aurkeztu zen Tourrera, horien artean Haimar Zubeldia eta Iban Mayo gailentzen zirelarik. Lasterketako 2 aste ondoren, Bagnères de Bigorre eta Luz Ardiden artean 15. etapa lehiatzen zen. Bi txirrindulari euskaldunak hirugarren aste honetara Pariseko podioan posturen bat lortzeko aukera osoekin iritsi ziren. Jardunaldiko azken aurreko portua, Tourmalet erregea, Haimar Zubeldiak bere karrerako momenturik politenetako bat bezala gogoratzen du. “Oso ondo nindoan. Afizio laranjak errepide ertzetik oihukatzen zigun, txalotu egiten gintuen, airean eramaten gintuzten portuko gailurrerantz. Iban eta biok erritmo gogorra markatu genuen. Armstrong eta Ullrichek oso ondo eusten zuten gure gurpilean baina Hamilton eta Vinokúrov podiorako aurkari zuzenek, haria galdu zuten. Gure aukera huraxe zen. Abantaila garrantzitsua lortu ondoren, Julián Gorospe zuzendariak, jaitsieran neurriak hartu eta indarrak berreskuratzeko agindua eman zigun, Luz Ardiden azken porturako. Etsaia minduta geneukan eta errematatzeko aukera izango genuen ondorioetan pentsatu izan ez bagenu, baina ziurtatu eta ordurarte lortutakoa erorketaren batekin ez galtzea erabaki genuen. Podioa deuseztatu egin zen. Galdutakoak berriz ere gurekin bat egin zuten jaitsieran eta ezin izan genituen berriz ere askatu helmugara iritsi arte. Tour gogoangarri bat amaitu genuen, ni 5. postuan eta Iban, berriz, 6. postuan. Beti geldituko zaigu zer pasako litzatekeen arriskatu izan bagenu baina ez gara damutzen hartutako erabakiaz. Oso esperientzia gutxi geneukan eta talde guztiarentzat top 10 horiek garaipentzat jaso genituen.”